Elkargoaren Berriak    Aho sutsuaren sindromea, tratamendu zaileko ohiko koadro klinikoa

Aho sutsuaren sindromea, tratamendu zaileko ohiko koadro klinikoa

  • Gipuzkoako Haginlarien Elkargoak aho-mukosan erresumina edo inurridura eragiten duen patologiaren inguruan ohartarazi du
  • Biztanleriaren %0,7 eta %4,5 artean jasaten du arazo hau. Prebalentzia hiru bider handiagoa da emakumeen artean, bereziki menopausian eta menopausiaren ondoren
  • Ohikoa da sintomen agerpena azaltzen duen datu klinikorik ez izatea. Sindromeari kontra egiteko tratamendu garbi baten faltan, Gipuzkoako dentistek sintomatologia hobetzeko jarraibideak eskaini dituzte

Honako sintoma jasaten du aho sutsuaren sindromea duen pertsonak: aho-mukosan erresumina edo inurridura nabaritzen du espontaneoki, baina arrazoi garbirik gabe. Gipuzkoako Haginlarien Elkarteak ohartarazi duenez, ohiko patologia da eta, normalean sintomen agerpena azaltzen duen datu klinikorik aurkitzen ez denez, ez du tratamendu garbirik ezta konponbide errazik ere.

Arazoaren maiztasunari dagokionez, biztanleriaren %0,7 eta %4,5 artean jasaten du patologia hau. Konkretuki, prebalentzia hiru bider handiagoa da emakumeen artean, bereziki menopausian eta menopausiaren ondoren. Izan ere, emakumearen bizitzaren momentu honetan ematen dira kasuen %30. Adinarekin jarraituz, 30 urtetik beherako pertsonek ez dute normalean sindrome hori garatzen, eta haurrengan eta nerabeengan ez da halako kasurik aurkitu.

Ahoaren sumindura egunean zehar handituz joaten da, eta intentsitate handieneko momentua arratsalde amaieran izaten da. Bestalde, mingainaren punta eta alboak izaten dira, kasuen %67,9an ondoeza jasaten duten puntuak, beheko ezpainaren eta ahosabaiaren aurretik. Ikerketa gehienek frogatu dutenez, erresuminaz gain beste sintoma batzuk agertzen dira: aho lehorra, aldaketak dastamenean, zapore metalikoa edo mingotsa, baita intentsitate aldaketak dastamenaren pertzepzioan ere. Gainera, irensteko zailtasunak edo aurpegiko zein hortzetako ezohiko mina ere sufritu daitezke.

Tratamendua

Sindromearen kausa garbirik ez dago, baina agerpenean eragina eduki dezaketen hainbat faktore daudela uste da. Aho-mukosa sumindu eta sintomatologia eragin dezaketen hortzetako pastak eta kolutorioak daude. Horrez gain, zenbait bitaminaren eskasia arazo honekin erlazionatu da, eta antihistaminikoen eta antidepresiboen gisako medikamentu askok aho sumindurarekin erlazionaturiko listu falta edo xerostomia eragiten dute.

Arrazoi garbirik ez dagoenez, ez dago tratamendu argirik ere. Gipuzkoako dentistek pazientearen historia kliniko sakona egitea gomendatu dute bere kasu konkretuaren sintomatologia arintzeko. Jarraitu daitezkeen aholkuen artean ahoan alergia sortu dezakeen edozein kanpoko elementu baztertzea eta ahoarekin erlazionaturiko arazoak edo ohitura txarrak bertan behera uztea aipatu dituzte. Azken horien artean gomendatu dute ezpainei, masailei edo mingainari hozka egitea edo azazkalak eta bestelako objektuak jatea alde batera uztea; bruxismoa edo bitamina eta mineral faltari konponbidea bilatzea; eta listu falta badago, listuaren funtzioa bete dezaketen ordezkoak bilatzea, besteak beste.

Azkenik, dosi txikietan hartutako antidepresibo triziklikoek analgesikoaren funtzioa bete dezakete aho sutsuaren sindromearen kasuan. Gai honekin erlazionaturik, haginlariek diotenez psikologiak garrantzia handia du arazo honen konponbidean, eta pazientearen antsietaterako edo depresiorako joera baloratzea beharrezkotzat jotzen dute. Izan ere, kontsultan burutu daitekeen psikoterapia arinak tratamenduaren %80 osatu dezakeela diote. Hori dela eta, psikologo edo psikiatra bati galdetzea lagungarria izan daiteke.

Usuario RIDO
Identificación
Si aún no dispone
de su usario RIDO
puede solicitarlo aquí.
Acceder a la plataforma RIDO »
Prestakuntza 
Dentistak 
IRRIBARRE EGITEA GUSTATZEN ZAIT 
Haurren Hortz-haginak Zaintzeko Programa (PADI)
Informazioa pazienteak 
Hortz-osasunaren inguruko eskaintza eta maukei buruz jakin nahi duzun guztia
Claudio Albisu doktorearen kordalen fitxategiak 
deskargatu hemen
Jarraitu gurekin
Facebook
Twitter
Zerbitzuak