Hortzak zuritzeko tratamenduak arriskutsuak izan daitezke dentistaren gainbegiraturik gabe

Hortzak zuritzeko tratamenduak arriskutsuak izan daitezke dentistaren gainbegiraturik gabe

 

  • Gipuzkoako Haginlarien Elkargoak ohartarazi du, hortzak zuritzeko tratamendua hasi aurretik, dentistak pazientearen aho-hortzen osasuna baloratu behar duela zailtasunak saihesteko
  • Gipuzkoako dentistek ere salatu dute hortzak zuritzeko ahalmena iragartzen duten hortzetako pasten erabateko eraginkortasunik eza

 

Gipuzkoako Haginlarien Elkargoa kezkatuta ageri da hortzak zuritzeko tratamenduak odontologoaren gainbegiraturik eta agindurik gabe aurrera eramateak sor ditzakeen arriskuekin. Konkretuki, hortzeria zuritzeko tratamenduak edozein saltoki edo estetika zentrotan lortzea posible dela salatu dute, eta jakinarazi dute hainbat kasutan tratamendu horiek ahoaren osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen agente zuritzaileak (hidrogeno peroxidoa dute %0,1 eta %6eko proportzioan) dituztela.

Gipuzkoako dentistek ohartarazi dute, sor litezkeen arazoen artean, hortzak zuritzeko tratamenduen erabilera ezegokiak erredurak, mukosen alterazioak edo hortzetako sentsibilitatea eragin dezakeela. Halaber, agente zuritzailea ugariagoa den heinean arazoa handiagoa dela gaineratu dute, baita tratamendua sarri eta denbora luzez egiten bada ere.

Dena dela, arazo horiek gertatuz gero, beharrezkoa da pazienteak tratamendu eta jarraibide odontologiko egokia jasotzea lehenbailehen.

Kalte egin dezaketen produktuak

Gipuzkoako Haginlarien Elkargoak gogorarazi du hortzak zuritzeko produktuek kalte egin dezaketela eta, ondorioz, profesional gaituek soilik eman ditzaketela tratamendua edo maiztasun eta iraupenari buruzko aholku egokiak. Aldiz, produktua lortzeko erraztasunak gizarteari elementu kosmetikoa besterik ez dela adierazi diezaioke, errealitatean hala ez bada ere.

Hasteko, dentistak pazientearen aho-hortzetako osasunaren balorazio orokorra egin behar du, ez soilik tratamendu egokiena aukeratzeko kasu bakoitzean baizik eta baita egon daitezkeen beste arazoak baztertu eta ekiditeko ere. Adibidez, hortzen zuritzea ez da gomendatzen gingibitisa duten edo beste gaixotasun periodontalak dituzten pertsonen kasuetan, ezta hortzen berrezarpen tratamendu baten ondoren ere. Hau da, odontologoak bakarrik egin ditzake balorazio horiek. Era berean, profesionalak beste kanpo-baldintzatzaile batzuk hartu behar ditu kontuan, tabakoaren edo alkoholaren kontsumoa kasu, hidrogeno peroxidoaren efektu toxikoa areagotu baitezakete.

Kasu guztietan, pazienteek hortzak zuritzeko produktuen kontzentrazioa ezagutu behar dute, eta darabilten agente zuritzaile mota. Hidrogeno peroxidoa %0,1 eta karbamida peroxidoa %0,3 baino gutxiago duten produktuak ez dira osasunerako kaltegarriak, nahiz eta hortzak zuritzeko duten gaitasuna ia baliogabea izan. Bestalde, europar eta espainiar araudiak dioenez, %0,1 eta %6 bitarteko hidrogeno peroxido kontzentrazioa duten produktuak (edo %0,3 eta %18 bitarteko karbamida peroxidoa dutenak) dentista baten gainbegiratuarekin eta kontrolarekin eman behar dira. Eta %6tik gorako hidrogeno peroxido (edo %18tik gorako karbamida peroxido) kontzentrazioa duten produktuek erabilera klinikoa eskatzen dute, eta dentistek eman ditzakete soilik.

Eraginkortasunik gabeko hortzetako pasta

Duela gutxi, Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegoak ustez hortzak zuritzen dituzten 13 pasta ikertu ditu eta euren funtzioa betetzen ez dutela ondorioztatu du. Bide beretik, Espainiako Haginlarien Kontseilu Orokorrak ohartarazi du hortzak zuritzeko ahalmena iragartzen duten hortzetako pastek inolako eraginkortasunik ez dutela. Kontseiluaren lehendakari Oscar Castrok “publizitate engainagarri” horren aurka neurriak hartzea eskatu dio administrazioari.

Izan ere, produktu urratzaileak erabiltzen dituzten hortzetako pastak hortza suntsitzera iritsi daitezke, oso erasotzaileak baitira hortzoi eta mukosentzat. Hori dela eta, Gipuzkoako dentistak kontseilu orokorraren aholkuetara batu dira, hiritarrek informazio hau kontuan hartu dezaten hortzetako pasta aukeratzeko orduan.

Usuario RIDO
Identificación
Si aún no dispone
de su usario RIDO
puede solicitarlo aquí.
Acceder a la plataforma RIDO »
Prestakuntza 
Dentistak 
IRRIBARRE EGITEA GUSTATZEN ZAIT 
Haurren Hortz-haginak Zaintzeko Programa (PADI)
Informazioa pazienteak 
Hortz-osasunaren inguruko eskaintza eta maukei buruz jakin nahi duzun guztia
Claudio Albisu doktorearen kordalen fitxategiak 
deskargatu hemen
Jarraitu gurekin
Facebook
Twitter
Zerbitzuak