Arreta handiz jokatu behar da aho osasunarekin haurdunaldian

Arreta handiz jokatu behar da aho osasunarekin haurdunaldian

  • Gipuzkoako Haginlarien Elkargoak haurdunaldian dentistaren kontsultara joatearen garrantziaz ohartarazi du, nagusiki haurdunaldiaren bigarren hiruhilekoan
  • Gingibitisa eta txantxarra garatzeko arriskua biderkatu egiten da etapa honetan. Ondorioz, prebentzio handiz jokatzea gomendatu dute: hortzak gutxienez bi aldiz garbitu egunean fluorra duen hortzetako pastarekin, kolutorioarekin garbitu ahoa, eta gozokiak, tabakoa eta alkohola saihestu
  • Gipuzkoako dentistek gogorarazi dutenez, jaioberriari karieak kutsatzea ohikoa ere bada, listuaren bitartez edo biberoiaren erabileraren ondorioz. Hori dela eta, haurraren aho osasuna arretaz zaintzea aholkatu dute, otordu bakoitzaren ostean umeari esne-hortzak garbituz

 

Gipuzkoako Haginlarien Elkargoak haurdunaldian aho osasunarekin arreta handiz jokatu behar dela ohartarazi du, emakumearen bizitzako etapa honetan arazo odontologikoak pairatzeko arriskua handiagoa baita. Prebentzioari garrantzia handia emateaz gain, gipuzkoar dentistek gomendatu dute “haurdunaldian kontsultara gutxienez behin joatea”, nagusiki haurdunaldiaren bigarren hiruhilekoan. Izan ere, laugarren hilabetetik aurrera, emakumeak ahoan tratamendua egin beharko balu, ez luke fetuaren bizia arriskuan jarriko.

Zentzu horretan, erditu ostean sendatu beharrean, odontologoek “ahoko arazoa lehen baino lehen konpontzea” defendatu dute, haurdunaldian larriagotu ez dadin. Izan ere, etapa honetan, gingibitisa eta txantxarra garatzearen arriskua biderkatu egiten da, beste arazoen artean, emakumearen gorputzean eragiten duten aldaketa fisiologiko eta dieta aldaketak direla eta. Estatuko Dentisten Kontseilu Nagusiaren datuen arabera, haurdunaldian emakumeen %60 eta %75 bitartean jasaten du gingibitisa, edo hortzoien hantura, hormona aldaketen eraginez. Bestalde, lehen hiletan ohikoak diren goragaleen eta gonbitoen ondorioz, karieak izateko joera handiagoa izaten da, eta listuaren konposaketan gertatzen diren aldaketek hortzen esmaltea ere higatu dezakete.

Hori guztia ikusita, odontologoari ordua eskatzeaz gain, Gipuzkoako Haginlarien Elkargoak haurdunaldian aho osasunarekin prebentzio handiz jokatzearen garrantzia azpimarratu du: hortzak gutxienez bi aldiz garbitu egunean fluorra duen hortzetako pastarekin, kolutorioarekin garbitu ahoa, eta dieta osasuntsua jarraitu, gozokiak saihestuz. Bestalde, tabakoa eta alkohola uztea garrantzitsua da ahoko arazoak ekiditeko, baita fetuaren osasuna ez kaltetzeko ere.  

 

Jaioberriaren aho osasuna

Ahoaren zainketa ez da haurdunaldiarekin amaitzen, amaren aho osasunean arreta guztia jarri ostean umearen ahoa zaindu behar baita. Zentzu horretan, Gipuzkoako dentistek nabarmendu dutenez, “jaioberriari listuaren bitartez karieak kutsatzea ohikoa da, janariaren tenperatura egiaztatzeko umearen koilara bera erabiliz, adibidez”. Bestalde, biberoiaren erabilerak ere txantxarra sor dezake. Hori dela eta, haurraren aho osasuna arretaz zaintzea aholkatu dute, otordu bakoitzaren ostean esne-hortzak garbituz gaza edo eskuila pediatriko batekin. Izan ere, amaren esneak berez karieen agerpena eragiten ez badu ere, higiene faltak eta ohitura txarrek txantxarra sortu dezakete.

Azkenik, odontologoek gogorarazi dute, jaioberrien kasuan, prebentzioak profesional baten jarraipenarekin egin behar duela bat umeak urtebete egiten duenean. Lehen urtetik aurrera haurrak dentistara joan behar duela urtero, alegia.

Usuario RIDO
Identificación
Si aún no dispone
de su usario RIDO
puede solicitarlo aquí.
Acceder a la plataforma RIDO »
Prestakuntza 
Dentistak 
IRRIBARRE EGITEA GUSTATZEN ZAIT 
Haurren Hortz-haginak Zaintzeko Programa (PADI)
Informazioa pazienteak 
Hortz-osasunaren inguruko eskaintza eta maukei buruz jakin nahi duzun guztia
Claudio Albisu doktorearen kordalen fitxategiak 
deskargatu hemen
Jarraitu gurekin
Facebook
Twitter
Zerbitzuak