Ciudadanos    Aho-hortz patologia

Aho-hortz patologia

1
Hortzetako txantxarra. Zergatik sortzen da. Aurkibidea
7
Zer da funda edo zorroa, zer esan nahi du eta nola egiten da.
2
Nola zaindu aurrez hortzetako txantxarra
8
Zergatik gomendatzen dugu funda jartzea desbitalizazioaren ondoren
3
Haurren kasuan txantxarrari aurre hartzeko metodo eraginkorra
9
Zer da harraskaketa.
4
Baliteke zuk txantxarra izatea eta ezertxo ere ez sentitzea
10
Gingibitis (oien hantura).
5
Zer da endodontzia
11
Zer gertatzen zaio ahoari haurdun zaudenean.
6
Zer da hortzetako inplantea.    

Hortzetako txantxarra. Zergatik sortzen da.

 Txantxarraren bilakaera:

Janariaren hondarrak denbora batez ahoan atxikita geratzen direnean hasten da txantxarraren prozesua. Minutu gutxiren barruan, usteltzen hasten dira eta sortzen diren “zaborrak” ahoan egon ohi diren bakterien jaki bezala aprobetxatuko dira. Bakteria horien “tripakadaren” ondorengo hondakinek azidotasun handia dute, eta hori hortzaren geruza gogorrena eta kanpoko aldean aurkitzen dena (esmaltea) desegiten joango da. Horrela, hori zulatu eta gero, txantxarra eragiten duten agenteak geruzarik bigunenean (gutxien mineralizatutakoan) sartzeko bidea irekiko da; hots, dentinan.

Txantxarra berehala hedatu eta zulo handia sortuko da. Txantxarra hortzaren koroaren erdi aldera aurreratzen doan heinean, hortzaren pulpa aldera (“nerbioa” deitu ohi zaio), pieza gero eta minberagoa izango da hotzarekin, beroarekin, gozoarekin… Hasieran, sentsibilitatea agertu ahal izango da bizigarri horietako bat hartu ondoren eta denbora gutxirako, baina, azkenean, bat-bateko minak agertuko dira, baita gauetan ere.

“Nerbioa” suntsitzera iris daiteke (pulparen heriotza) etengabeko infekzioaren ondorioz, eta, orduan, noizean behingo mina etengabekoa eta handiagoa izango da. Mina oso handia izan daiteke eta “flemoia” ager daiteke (hortzetako zorne-zorroa). Esan bezala, flemoiak adieraziko digu nerbioa narritatuta dagoela eta bakteriak nerbiora heldu eta infekzioa sortu dutela. Orain, hortza ez ezik, hezurra eta hortzaren inguruko ehunak ere kaltetuta daude. Fase horretan, hortzaren edo haginaren kaltea oso garrantzitsua izan ohi da.

Nola zaindu aurrez hortzetako txantxarra

  1. Dieta kontrolatuz; hau da, ahal dela janari eta likido azukretsuenak jan eta edan gabe.
  2. Janariaren hondarrak ahoan atxikita ahalik eta denbora gutxienean izaten ahaleginduta. Horretarako, behar bezala eskuilatu behar dira hortzak eta haginak, mingaina eta masailak.
  3. Ahoan hainbeste denbora egonda, lertzoa sortu duten janariaren hondarrak ezabatuta. Lertzo hori garbitzeko, profesionalak aho-garbiketa egin behar digu.

Pauso horiez gain, haurren kasuan komeni da hauek egitea:

  1. Erupzioa egiten doazen piezen esmaltea fluor gehigarriekin indartzea.
  2. Irteten ari diren haginetan, hobi eta pitzaduretan zigilatuak ezartzea.

Haurren kasuan txantxarrari aurre hartzeko metodo eraginkorra

Zigilatzeak:

Haginetako pitzadura naturalak (zimurtasunak) betetzeko materiala ezartzen da. Haginetako zona zimur horietan maizago sortu ohi da txantxarra, eta horiek estaltzen baditugu, janariaren hondarrak ez atxikitzea lortuko dugu. Gainera, modu horretan, haurrak bere ahoan eskuila pasatzea eraginkorragoa izango da.

Zigilatzeko erabiltzen den materialak fluorra izaten duenez, txantxarraren bakterien aurka egiteaz gain, haginaren esmaltea indartuko du. Zigilatzea anestesiarik gabe egiten da, eta haurrak ez du ezertxo ere sentitzen ez une horretan, ezta ondoren ere. Beraz, modu egokia da haurraren eta ahoa zainduko dion dentistaren arteko harremanak hasteko.

Noiz komeni da txantxarra prebenitzeko tratamendua hastea?

  • Behin betiko lehen haginek erupzioa egiten duten garaian gomendatzen da; hau da, sei urte inguruan.

Noiz ezin dira egin zigilatzeak?

  • Haginean txantxarra hasita dagoela uste dugunean (susmoa), zigilatuta haren aurrerapena ezkuta baitezakegu.

Zenbat denbora iraun dezake zigilatuak?

  • Urtebete edo urte eta erdi inguruan iraun dezake behar bezala. Dena den, iraupena oso aldakorra izan daiteke.

Jartzeko erraza izateak, kalterik ez egiteak, asko ez kostatzeak eta txantxarrari aurre egiteko eraginkorra izateak bultzatzen gaitu gure txikiei zigilatuak ezartzeko aholkua ematera.

Baliteke zuk txantxarra izatea eta ezertxo ere ez sentitzea

Hain zuzen ere, horixe da ohikoena. Txantxarra izateak ez du esan nahi mina eman behar duenik. Txantxarrak oharkabean pasatzen dira, batzuetan luzaroan, sintomaren bat agertu baino lehen. Horrela gertatzen da batez ere bi hortz edo haginak ukitzen dituzten alderdiak txantxarrak hartzen dituenean, ez baititugu ikusten.

Txantxarrak, hasieran, hagin eta hortzetan nerbiotik urrun dauden zonak hartzen ditu, eta poliki-poliki piezen barru aldera egiten du; horrela, oso minbera jartzen dira edari edo janari hotzak, beroak, gozoak eta abar hartuz gero, eta mina gero eta handiagoa izan ohi da. Horrela, horixe izan daiteke txantxarra tratatzeko une egokia; hau da, kaltetutako pieza garbituko litzateke, berritzeko lan handirik egin beharrik izanik gabe.

Beste batzuetan, txantxarra oso azkarra eta maltzurra izan ohi da, eta nerbioa suntsitzen du hura bakterien erasoaz “konturatu” baino lehen. Orduan, zulo, suntsipen eta haustura handiak gerta daitezke haginetan edo hortzetan, minik txikiena ere izan gabe. Horrelakoetan, pieza salbatzea konplexuagoa izaten da, eta beste tratamendu-mota batzuk egin beharko dira (desbitalizazioa edo endodontzia); hau da, luzeagoak eta garestiagoak, txantxarrak hainbeste hondatutako pieza kontserbatu nahi badugu.

Laburbilduz, ondorengoa esan dezakegu:

  1. Txantxar gehienek ez dute minik ematen.
  2. Ezinegonaren edo minaren intentsitateak ez du zerikusirik txantxarraren tamainarekin.
  3. Txantxarra zenbat eta lehenago aurkitu, orduan eta errazagoa izango da kaltetutako pieza konpontzea, eta gehiago iraungo du.

Zer da endodontzia

Endodontzia esaten zaio nerbioarekin edo hortzetako pulparekin lotutako arazoak konpontzeko agintzen den tratamenduari. Eskuarki, modu ezberdinak erabili dira hori adierazteko: “Desbitalizazioa”, “Hodien tratamendua”, “Nerbioa kentzea”, “Nerbioa hiltzea”…

Zer da nerbioa deitu ohi zaion hortzetako pulpa?

Hortzetako pulpa soilik “nerbioa” dela uste bada ere, ez da horrela. Kordoi mehe batekin aldera dezakegu, eta kordoi horretan nerbio, arteria eta zain txiki-txikiak egongo dira. Kordoi horrek, beraz, hortzaren sentsibilitatea eta elikadura izango du.

Non dago nerbioa?

Hortzen eta haginen zainen barruko hodietan kokatzen da. Hortzek hodi bat dutenez, nerbioa ere izan ohi dute. Haginek eta aurreko haginek bi, hiru edo lau hodi izaten dituzte, eta bakoitzean nerbio bat.

Hala eta guztiz ere, garrantzitsua da jakitea pertsona guztiek ez dutela hortzen edo haginen pulpa-egitura bera izaten, eta konplexutasun horren araberakoa izango dela tratamendua.

Orduan, zer egiten dugu endodontzia batean?

Kordoia (nerbioa) kendu edo erauzi egiten da; orduan, hortza edo hagina desbitalizatuta geratzen da; hots, bizirik gabe (fase horri pulpa-erauzketa esaten zaio). Horrez gain, nerbioa zegoen hobia garbitu egin behar da, eta, horretarako, barrualdea limatuko dugu tresna mehe batzuekin (instrumentazioa). Garbiketa egin eta gero, hutsik utzi ezin dugunez, material bereziarekin bete eta hodia “zigilatzen” da (fase horri zigileztatzea edo hodiaren buxadura esaten zaio).

Tratamendu hori batzuetan saio bakar batean egiten da eta, beste batzuetan, saio gehiagotan. Dentistak, endodontzia egitean, hainbat faktore baloratu beharko ditu horretarako.

Zergatik kentzen da nerbioa?

Orokorrean, esan dezakegu nerbioa kentzen dela txantxarrak nerbioa dagoen lekura bitarteko zuloa egiten duenean. Batzuetan, nerbioak mina ematen du (flemoiak, zorne-zorroa, haustura, hotza eta beroarekiko sentsibilitatea agertzen duten enpasteak, istripuetan eta abar); beste batzuetan, aldiz, nerbioa txantxarrak hondatuta egoten da, eta ez du inoiz minik eman.

Halaber, beharrezkoa izan daiteke endodontzia egitea beste egoera batzuetan; esate baterako, hortza bati funda edo zorroa jarri behar zaionean (normalean ez da beharrezkoa izaten), oiekin lotutako arazoetan, diabetikoetan eta abar.

Tratamendu horri esker, gaur egun pieza gehienak atera gabe gera daitezke.

 

Zer da hortzetako inplantea.

Inplantea egitura txiki eta sofistikatua da, titanioarekin egiten dena; material hori arrakastatsua izan da beste espezialitate mediko batzuetan. Hortzetako inplanteak denok ezagutzen dugun torlojuaren forma du. Dena den, inplantearen konfigurazio, konposizio eta diseinu bereziari esker, gure organismoak gurea balitz bezalaxe onartzen du.

Inplantearen ezaugarrien bidez, “sustrai artifizialaren” funtzioak egitea lortzen da. Inplante horiei esker, galdutako hortz edo haginak berrezar ditzakegu, ondoko hortzak ukitu edo landu (higatu) beharrik gabe eta mastekatzea zailtzen duten edo gantxoak direla-eta oso estetikoak ez diren eta mugi daitezkeen aparatuak erabili gabe.

Zenbat eta inplante gehiago jarri, orduan eta emaitza hobeak lortuko ditugu, baina, askotan, goiko zatian (goiko masailezurra) edota behean (baraila) bi, hiru edo lau jartzea nahikoa da hitz egitean edota jatean gure hortz-haginak ez mugitzeko, eta hori abantaila handia da. Dena den, konbinazio asko egin daitezke, pertsona bakoitzaren eskaeren edo ahoko baldintzen arabera.

Inplanteak hezurraren barruan jartzen ditugu tokiko anestesiarekin, eta, salbuespenak egon badaude ere, onartzeko moduko osasuna izan eta hezurra kalitate eta kopuru aldetik nahikoa izanik, pertsona askok tratamendu hori egin dezakete. Hilabete batzuen ondoren eta inplantearen edo inplanteen “osteointegrazioa” egiaztatuta, protesia edo beharrezko hortzak prestatzera joan ahal izango da. Nahi izanez gero, eskatu informazioa, kasu bakoitzak aurrez aztertzea eta planteamendu ezberdina egitea eskatzen baitu.

Zer da funda edo zorroa, zer esan nahi du eta nola egiten da.

Protesi “funda” edo koroa neurrira egindako egitura da eta arrazoi bat edo bestea dela ahuldutako hortz edo haginak babesten ditu. Jarri ondoren, estaltzen duen hortz edo hagin naturalaren antzeko itxura izan behar du eta, horrez gain, dagokion mastekatze edo estetika funtzioa bete behar du.

Funda egin ahal izateko ezinbesteko baldintza da jasoko duen hortz edo hagina aurretik prest egotea, hau da, behar bezala landuta edo “higatuta” egotea.

Fundak bi “geruza” ditu:

  • Bata barrukoa, ikusten ez dena. Metalez egina eta “jostunaren titare” formaren antza duena. Metalezko egitura horrek landutako hortza zehatz-mehatz egokitzea ahalbidetzen du eta geroko fundak beharko duen erresistentzia bermatzen du.
  • Bestea, kanpokoa, hortzari kolore, forma, tamaina eta itxura egokia ematen dion portzelanaz (zeramikaz) egindakoa.

Funda egiteko urratsak:

  • Argi eduki behar da ez dagoela iritsi eta berehala jartzeko fundarik. Artisau-lan zehatza da eta dentistek eta protesi laborategiek elkarrekin egiten dute lan. Lana ahoan jarri aurretik hainbat proba egitea beharrezkoa da.

Lehenengo bisita (lantzea eta inprimaketak):

  • Hortz-pieza lantzen (“higatu”) dugu eta ondoren, neurriak hartzen ditugu (inprimaketak). Neurri horietatik abiatuta, aho guztiaren moldea lortzen dugu. Molde horrek ahoaren kopia zehatza izan behar du. Ondoren, laborategia hortzeria horren kopiarekin lanean hasten da. Laborategiko lana zehatza da eta hainbat fase igaro behar dira metalezko zorroa (“titarea”) lortu arte.

Bigarren bisita (metalezko proba):

  • Metalezko zorroa hortz edo hagin gainean probatzen da. Ingurua egokitzen dela ziurtatu eta kolorea hartuko dugu. Laborategira bidaliko dugu berriro bigarren geruza jar diezaioten, zeramikazkoa (portzelana). Txano metalikoa zeramikaz bilduta, baina distirarik gabe izango dugu (bizkotxo faseko zeramika).

Hirugarren bisita (bizkotxo proba):

  • SOndo egokitzen bada eta kolorea egokia baldin bada, laborategira bidaliko da “glasatu” (distira eman) eta funda amaitzeko.

Azkeneko bisita:

  • Zementu edo hortz itsasgarriarekin funda jarriko dugu (zementazioa).

Argi dago kasu guztiak ez direla berdinak eta aldaketak egon daitezke tratamenduaren mekanikan, baina orokorrean horrelakoa da funda eta horrela egiten da.

Zergatik gomendatzen dugu funda jartzea desbitalizazioaren ondoren

Arrazoi hauengatik da gomendagarria desbitalizatutako pieza babestu eta indartzea:

  1. Desbitalizatu behar izan den hagin edo hortza ziur asko nerbiora iristen zen txantxar sakonaren ondorioz nahiko suntsituta egongo da.
  2. Pieza desbitalizatu ondoren, berriro eraiki behar da enpaste handi batekin, baina, hala eta guztiz ere, ez du inoiz izango ukitu gabeko piezaren erresistentzia.
  3. Desbitalizazioak hortzera doan odola eta nerbioa eteten ditu eta, ondorioz, denborarekin pieza ahuldu egiten da eta hausturak gerta daitezke. Haustura horiek batzuetan konpondu ahal izango dira, baina beste batzuetan pieza betiko galtzen da eta kendu egin behar izaten da.

Laburbilduz, esan dezakegu desbitalizazioa (endodontzia) dela txantxarrarengatik asko sufritu duen hortz edo hagina errehabilitatzeko tratamendu egokia. Dena den, hausturen arriskua saihesteko eta pieza horren bizitza epe luzean bermatzeko (urteak), gainean funda jartzea da egokiena. Kasu bakoitzean adituak adieraziko du zein den tratamendua gauzatzeko unerik egokiena.

Zer da harraskaketa.

Harraskaketa gingibala (harraskaketa eta kuretajea) oi eta hortzen artean metatzen den lertzoa kentzeko tratamendua da. Aho-higiene txarrarengatik sortutako lertzoa hortz azalean metatzen da. Klinikan ultrasoinuzko garbiketaren bidez ezabatzen ez bada, bolumena handitzen joaten da eta oiaren azpian sartzen da. Lertzo hori zuri-horixka izan ohi den hortz gainekoa baino ilunagoa da eta hortza eusten duen hezurra suntsitzen du pixkanaka.

Zer sintomek ohartarazten gaituzte?

  • Lehenik eta behin, sintomarik nabarmenena oiak odola jariatzea da; izan ere, lertzoak etengabeko narritadura sortzen du hortza inguratzen duen oian eta hantura lokala ere sortzen du. Bigarren, lertzoak poliki-poliki hortz eta haginak eusten dituzten hezurrak suntsitzen ditu eta horren eraginez eragindako hortz guztiak mugitu egingo dira.
  • Harraskaketarekin lertzo sakona ezabatu eta oia garbituko dugu, horrela, alde batetik, hortzaren odol jarioa geldituko da eta, bestetik, tinkoago eutsiko da.

Zer gerta daiteke lertzo sakon hori kendu ezean?

  • Bilakaera naturala piezen inguruko hezurra galtzen joatea da. Gaixotasun periodontala (gaizki deitutako “piorrea”) da eta arazo horren tratamendua zailagoa da; oien narritadura jarraitua (gingibitis kronikoa), hortzen mugimenduak, haginak gero eta nabarmenagoak eta flemoiak ahoko hainbat tokitan (zorne-zorro periodontalak).

Garrantzitsua: arazo mota horri dagokionez, ez dugu mina izan arte itxaron behar (gaixotasun periodontala), edozein kasutan ere mastekatzean agertuko bailitzateke eta, orduan, hain fase aurreratuan egonik, tratamenduak ez luke ia ezertarako balioko. Gehiegizko lertzo metaketatik eratorritako arazoak ekiditeko behar bezala garbituz, ahoa ikuskatuz eta urtean behin gutxienez klinikan garbiketa eginez mantentzea gomendatzen dugu.

 

Gingibitis (oien hantura).

Normalean listuan, mukosetan eta hortz eta haginen azalean egon ohi diren bakterioek sortutako gaixotasuna da. Bakterio horiek, ahoko janari hondakin txikiekin batera, ahoko garbiketarekin ezabatzen ez direnak, hortz gainean geruza ikusezina sortzen dute, hortz-plaka deitzen duguna.

Hortz-plaka:

Plaka hori oiarekin denbora batean kontaktuan egoten bada, oia narritatu egiten da. Sortutako narritadura batez ere oiaren gorritasun eta odol-jarioagatik antzematen da. Odol-jarioa hortzak garbitzean soilik gerta daiteke, baina kasu larrienetan gauez ere gerta daiteke, orduan, esnatzean zapore txarra nabarituko dugu.

Eman dezakegun lehen aholkua hortzak kontuz, baina etengabe garbitzea da, baita eragindako zonaldeak ere, eta adituari kontsultatzea. Gingibitisa saihesten edo behar bezala tratatzen ez badugu garatu egin daiteke eta gaixotasun periodontal bilakatu. Gaixotasuna hortzak eusten dituen hezurra pixkanaka eragiten duelako antzematen da; hortzen mugimendua eragingo du eta azkenik haien galera.

 

Zer gertatzen zaio ahoari haurdun zaudenean.

Ez da egia esaten dena, “haurdunaldi bakoitzean hortz bat galtzen dela” alegia. Umekiak hazteko behar duen kaltzioa amaren hortzetatik xurgatzen (“hartzen”) dela eta galera horrek hortzak ahuldu egiten dituela –baten bat suntsiketa, txantxarra edo muturreko mugikortasunagatik galtzeraino– dioen ustea dago.

Egiatan hori ez da horrela gertatzen. Umekiak jasotzen duen kaltzioa amak jaten duen elikagaietatik edo hezurretatik dator eta ez hortzetatik. Hortaz, haurdunaldian hain ohikoak diren hortz eta oietako arazoek beste arrazoi batzuk dituzte eta hemen azalduko ditugu.

Haurdunaldian aho-ingurunea (hortzak eta oiak) aldatzen duten hormona-aldaketa garrantzitsuak gertatzen dira. Horrez gain, ohiko elikadura aldaketek, bai kalitateari, bai maiztasunari (mokaduak jatea) dagokionez eta botaka egiteko aurretiko joerak ere eragiten dute. Gonbitoak hortzetako esmaltea eta oiak berehala erasotzen ditu haiekin kontaktuan jartzean.

Horren guztiaren ondorioz:

  • Oiak errazago narritatu, gorritu eta odola jariatzen dute (gingibitis).
  • Hortzak gehiago mugitzen dira. Hori maizago gertatzen da bigarren hilabetetik zortzigarrenera.
  • Jada existitzen diren txantxarrak azkarrago gara daitezke.

Nola ekidin edo ahalik eta gehien nola murriz ditzakegu eragin negatibo horiek?

  1. Dieta egokiaren bidez, bai elikadurari, bai erritmoari dagokionez; hau da, otorduen arteko mokaduak saihestuz. Mokadutxoak alde batera uzteko gai ez bagara, “hortzetako eskuilaren morroi izatea” beste aukerarik ez dugu izango.
  2. Hortzen garbiketarekin gehiago saiatu behar dugu otordu edo mokaduen ondoren eta botaka egin edo elikagaien berrahoratzearen ondoren.
  3. Azterketak maizago egitea hortz eta oien egoera kontrolatzeko. Gutxienez bi bisita egitea komenigarria da: haurdunaldiaren hasieran bata eta amaitu aurretik bestea.

 

Usuario RIDO
Identificación
Si aún no dispone
de su usario RIDO
puede solicitarlo aquí.
Acceder a la plataforma RIDO »
Prestakuntza 
Dentistak 
IRRIBARRE EGITEA GUSTATZEN ZAIT 
Haurren Hortz-haginak Zaintzeko Programa (PADI)
Informazioa pazienteak 
Hortz-osasunaren inguruko eskaintza eta maukei buruz jakin nahi duzun guztia
Claudio Albisu doktorearen kordalen fitxategiak 
deskargatu hemen
Jarraitu gurekin
Facebook
Twitter
Zerbitzuak